Joan den astean, artisau azoka izan zen Irungo Ensanche plazan. Guztira, 13 sortzailek parte hartu zuten Eskuzlan elkarteak eta Irungo Udalak antolatutako hitzorduan, eta bertan izan zen Marta Marek (@martasensorial) sortzailea. Habian!-eko ekintzaileak kolorez betetako postua jarri zuen, eta pozik agertu zen izandako harrerarekin.
Artisauen azoka hilabetero izaten da Ensanchen, baina berezia izan zen azken hau. Izan ere, antolatzaileek jakitera eman zutenez, bertan izan ziren 13 sortzaileetatik zazpi Eskuzlan elkarteko kide dira dagoeneko eta gainerakoak, berriz, “etorkizuneko kide” izan daitezke. Hori horrela, azokaren heburua izan zen, besteak beste, “sortzen ari diren artisau sortzaile berriei eskaintzea beren sorkuntzak erakusteko gune bat, eta, horrekin batera, beren lana profesionalizatzea”.
Bide horretan, ekintzailetza, sormena eta teknologia berriak uztartu ziren azokan. Marek-ek haurrei zuzendutako produktuak, bereziki horma-irudi didaktiko-sentsorialak, jarri zituen salgai, eta, sare sozialen bidez, eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei. Bezero txiki bati erreferentzia eginez, honako hauxe argitaratu zuen Instagram-eko kontuan: “Gaur, euria egin duen arren, Irungo azokan ni ikustera etorri da bezero oso berezi bat. Irudiak eta kateak ehuntzen eta eraikitzen ikasteko jolasa eraman du, asko gustatu zaio! Mila esker Uxune eta bere gurasoei bisita egiteagatik!”.